KRITIKA LETTER-i
Aspaldian ekin zion Arriaga antzokiak Gelatxoak delako programari, formatu txiki eta ertaineko lanak eskaintzeko, batzuk antzokiko foyer-ean eta beste batzuk eszenatokian bertan --ikusleak antzezleengandik hurbil egonik--, eta urte hasiera honetan zirku eszeniko bat eta euskarazko antzezlan bat ekarri dituzte.
Malas companias taldeko kideek --Diego Aimar, Mikel Pikaza eta Aritza Rodriguez-- beren bidea jorratu dute kaleko zirkuan, baina oraingo honetan eszenara igaro dira, eta ekimen horretan Agurtzane Intxaurragaren ezinbesteko laguntza eduki dute. Izenburuak dioen bezala, garai bateko eskutitzak dira emanaldiaren oinarri, eta eskutitz horien bidaiak ikustera joaten denak finezia eta karino handiz egindako lan poetiko bat aurkituko du.
Umore malenkoniatsua, akabera orbangabeko akrobazia jostariak, elementu apalen erabilera sormentsua eta ikuste-efektu dibertigarriak dira lan honen osagai nagusiak, Carlos Imazen musika inspiratuarekin batera. Haien guztien artean osotasun sendo bat eratu dute, eta, hiruren prestakuntza fisiko eta artistikotik abiatuta, barne koherentzia handiko ikuskizuna atera da Intxaurragaren zuzendaritzatik.
Azkenik, esan beharra dago emanaldia ez dela erabat hitzik gabea, Aritza Rodriguezek noizbehinkako hitz solteak eta esaldi labur esanguratsuak bota dituelako euskaraz, ekinaldi batzuk indartuz edo egoerak azpimarratuz. Horrek proposamenaren freskotasuna nabarmendu, eta ageriago utzi du Letter hau ez dela iraganeko parametroetan geratu, sudur gorrien errazkeria iraganeko tiraderan utzita eta zirku garaikidearen bideetatik ibilita.
Agus Perez. BERRIA 2016-01-15